GURASO AHALA (PATRIA POTESTAD) VS. ZAINTZA ETA JAGOLETZA (GUARDA Y CUSTODIA): ZERTAN EZBERDINTZEN DIRA?


                                                  


Zalantza ugari sor daitezke seme-alaben zaintzaren, horiekiko dauden betebeharren eta erantzukizunen inguruan. Aitzitik, zalantza horiek areagotu daitezke dibortzio, banaketa edo ezkontzaren deuseztasun kasuetan. Horregatik garrantzitsua deritzogu Zuzenbide Zibilaren baitan arautzen diren figura juridiko hauen ateko ezberdintasun nagusiak aipatzea.

 

GURASO AHALA (Patria potestad) gurasoek seme-alabekiko dituzten eskubide eta betebeharren multzoa litzateke, zehazki, emantzipatu gabeko seme-alabekiko, berdin izanik gurasoak ezkonduta dauden edo ez.

Kode Zibilak 154. artikuluan xedatzen du emantzipatu gabeko seme-alabak euren gurasoen guraso-ahalera loturik daudela eta gurasoen erantzukizuna dela, horretan seme-alaben interesen defentsan, euren onurarako eta euren nortasunarekin bat jardun beharko dutelarik. Hain zuzen ere, seme-alaben ordezkaritza orokorra eta horien ondasunen administrazioa sartzen dira eskubide eta betebehar multzo horren baitan.

Gurasoek bakarrik izan dezakete guraso ahala (besterenezina da) eta ohikoena biek batera egikaritzea bada ere, litekeena da gurasoetako bakarrak aurrera eramatea; hori bai, bakarrik Kode Zibilak 170. artikuluan aurreikusitako kasuetan kendu ahal izango da guraso ahala, hau da, guraso ahalari dagozkion eginbeharrak ez-betetzeagatik, eta ahala kendu izana onuragarria izateagatik seme-alabarentzat. Horretarako ordea, beharrezkoa izango da guraso ahala kentzeko erabakia epai bidez hartua izatea.

 

ZAINTZA ETA JAGOLETZA (Guarda y Custodia) berriz, Kode Zibileko 92. artikuluan arautzen dira, gurasoek seme-alabekiko dituzten betebehar gisara ezartzen dituelarik Kodeak. Figura honek gurasoen eta seme-alaben arteko egunerokotasunari erreparatzen dio, horien arteko eguneroko bizikidetza ardatz hartzen duelarik. Hori dela eta, gurasoak seme-alabekin bizi, azken hauek zaindu eta hauei laguntza ematea dira zaintza eta jagoletzaren baitan sartzen diren betebeharrak.

Zaintza eta jagoletza bi gurasoek edo bakarrak aurrera eraman ahal izango dute, seme-alabarentzat hainbat inguruabar kontuan hartuta onuragarriena denaren arabera erabakiko delarik zaintzaren eta jagoletzaren erregimena (hau ere epaileak epai bidez). Hala ere, komenigarria da jakitea zaintza eta jagoletza ez direla esklusiboki gurasoenak, izan ere, salbuespenezko kasuetan gertatzen bada ere, posible da hirugarren pertsona batek egikaritua izatea, epaileak horrela erabakitzen duen kasuetan. Beraz, lau erregimen ezberdinetan eman ahalko da seme-alabekiko zaintza eta beti, seme-alabaren interes nagusia kontuan izanda erabakiko da egokiena:

Zaintza partekatua: Guraso biei esleitzen zaien erregimena da, non aurretiaz zehaztutako txandakako sistema baten bitartez bi gurasoek seme-alabekin elkarbizitza izango duten.

Gurasobakarrekoa edo banakakoa: Guraso bakarrari esleitzen zaiona da, non, zaintza eta jagoletza dituenak seme-alabak zainduko dituen eta ez dituenak mantenua eman beharko duen seme-alaben alde.

Zaintza distributiboa (ez da oso ohikoa): Bi seme-alaba edo gehiago dauden kasuan, epaileak guraso bati seme-alaba batzuen zaintza eta jagoletza eta gainerako seme-alabena beste gurasoari esleituko zaizkio. Ez da ohikoa, familia unitatearen printzipioa dela eta.

Hirugarren batek egikaritua: Gurasoak ez diren hirugarren pertsona fisiko edo juridikoei esleitzen zaiena da, salbuespeneko kasuetan eta seme-alaben interes nagusia kontuan hartuta. Aiton-amonei, gertuko beste senide batzuei, horrela onartzen duten pertsonei edo aurrekoen faltan, instituzioei esleitu ahal izango zaio.

 

Esan daiteke, guraso ahala kontzeptu zabalagoa izanik, zaintza eta jagoletza bere baitan sartzen direla, nahiz eta, bereizitako bi figura juridiko desberdin diren.

Horrenbestean, aztertzen ari garen bi figura juridikoak bereizteak bere zentzua hartzen du, batez ere, dibortzio, banaketa edo ezkontzaren deuseztasun kasuetan. Bestelako egoeretan, bi gurasoek batera egikaritzen dituztenean guraso ahala eta zaintza eta jagoletza, ez bait da inolako bereizketarik egiten eta hirugarren pertsonentzako figura juridiko bakarra bailitzan funtzionatzen dute. Garrantzia hartzen du beraz, bereziki, dibortzio, banaketa eta ezkontzaren deuseztasun kasuetan zer gertatzen den jakiteak.

Dibortzio, banaketa eta ezkontzaren deuseztasun kasuetan, elkarbizitzaren krisiak ematen direnetan eta beraz, guraso biak batera bizi ez diren kasuetan, guraso ahala bi gurasoek batera egikaritzen jarraitzen dute (salbuespenak aurretik aipaturiko Kode Zibileko 170. artikuluan jasota daudelarik); zaintza eta jagoletzari dagokienez berriz, elkarbizitza krisietan sortzen den gatazka puntu handiena bihurtzen dira, seme-alabekin bizi den gurasoak bakarrik izango dituelako, zaintza eta jagoletza ez dituen gurasoaren betebeharra mantenu-pentsioaren bitartez seme-alabei mantenua ematea izango delarik eta seme-alabak bisitatu eta horiekin komunikatzeko eskubidea izango dituelarik. Nabaria da, gaiaren izaera korapilatsua eta horregatik seme-alaben zaintza eta jagoletzaren inguruko desadostasunak konpontzeko bitartekaritza tresna eraginkorra dela aipatu beharrekoa da. 

 

Hortaz, gurasoen elkarbizitzaren krisietan, kasu gehienetan aldaketa jasaten duen figura zaintza eta jagoletzarena da, elkarbizitzari eta seme-alaben egunerokotasunari loturiko erabakiak hartzean oinarritzen denez, zaintza eta jagoletza dituen gurasoak hartu beharko bait ditu eguneroko erabakiak. Kontuan izatekoa da, hala ere, honek ez duela esan nahi zaintza eta jagoletza ez dituen gurasoak seme-alabekiko erabakiak hartzeko aukerarik izango ez duenik. Aitzitik, garrantzitsuak diren erabakiak hartzeko bi gurasoen baimena beharko da edo batak bestearen onespena beharko du.

 


Comentarios