Hizkuntza ez juridikoari dagokionean askotan sinonimoak
bailiran erabiltzen diren arren, Zuzenbidearen ikuspegitik erabat ezberdinak
diren bi erakunde juridiko dira. Egia da, lotura estua daukatela elkarren
artean, baina batak zein besteak efektu erabat ezberdinak sortzen dituzte. Argitalpen
honetan batetik, aurrekari historikoei erreparatuko zaie (nahasmena nondik datorren
ulertzeko) eta bestetik, desberdintasun nagusiak zeintzuk diren aipatuko dira.
Arauketa
eta kontzeptua
BANAKETA
Kode Zibileko 81.-84. artikuluen artean
arautzen da <<Banatzea>> Titulupean. Laburki esateko, bikote loturaren behin behineko haustura
litzateke banaketa, ondorio nagusi gisara ezkontideen arteko elkarbizitza
etetea eta etxeko ahala** egikaritzean ezkontide batek bestearen ondasunak
lotzeko duen aukera amaitzea dakartzalarik. Horregatik, banaketaren ondorioz
bikotea ez da batera biziko, nahiz eta, ez dituen ezkontzari loturik bikoteak
dituen betebeharrak iraungiko (fideltasuna gordetzea salbu).
DIBORTZIOA, aldiz, Kode Zibileko 85.-89. artikuluen bitartean jasotzen da <<Ezkontzaren desegitea>> tituluaren baitan. Ezkontzak sortzen dituen efektuak iraungitzea dakar eta beraz, ezkontza lotura behin betiko hausten edo desegiten du. Ezkontza lotura hausteko kasuetako bat da, baina ez bakarra, izan ere, ezkontideetako baten heriotzak edo bietako baten heriotza deklarazioak ere ezkontza lotura desegitea dakarte.
Aurrekari
historikoak
2005. urtera arte, hau da, 15/2005 Legeak Borondatezko
Jurisdikzioaren ingurukoak aldaketak ekarri zituen arte, Espainian ezin
zitekeen edozein kasutan dibortziatu; aitzitik, legeak berak galdatzen zituen
kasuetan bakarrik dibortzia zatekeen eta beti ere, aurretiazko banaketa eman
bazen, azken honetarako ere kausa zehatz batzuk eman behar zirelarik. Kode zibilaren
ikuspegitik (gogora dezagun 1889. urtekoa dela, eguneratzen joan bada ere)
familia eta ezkontza zutabe garrantzitsuak dira eta horregatik, ezkontzaren
dibortzioa ultima ratio edo azken
aukera gisa bakarrik plantea zitekeen.
Dibortziatzeko kausa ziren edozein kasutan, aurretiaz judizialki (urte batez) edo egitatez (2 urtez) banatuta egon ondoren:
a) Epe jakin batez ezkontza elkarbizitza amaitzea.
b) Ezkontidearen edo ondorengo zein aurrekoen bizitzaren aurkako delitu batengatik epai irmo bidez kondenatua izatea.
Banatzeko kausak berriz ondokoak ziren:
a) Etxea justifikaziorik gabe uztea, fideltasun eza, jokabide iraingarria edukitzea, ezkontzako eginbeharrak larriki edo behin eta berriz urratzea.
b) Eginbeharrak modu larrian edo behin eta berriz urratzea, seme-alaba komunei edo ezkontideetako edozeini dagokienez.
d) Alkoholismoa, toxikomania edo bizikidetzari kalte egiten dioten nahasmendu mentalak izatea.
Orain urte gutxitatik (2005etik), zorionez, ez da inolako arrazoirik galdatzen dibortziatu edo banatzeko, ezkontzatik gutxienez 3 hilabete pasatu behar izatea kenduta. Beraz, ikus daitekeen moduan 15/2015 Legeak Borondatezko Jurisdikzioaren ingurukoa indarrean sartzetik sortutako aldaketak medio, banaketak pisua galdu du ordenamendu juridikoan, izan ere, kasu gehienetan banaketa dibortziatu ahal izateko aurretiazko baldintza zelako gertatzen zen; behin dibortziatzeko aurretiazko baldintza ezabatuta, bi erakunde juridikoen arteko menpekotasuna ezabatu eta are gehiago ezberdindu dira, banaketak zentzua galduz.
Desberdintasunak
Dibortzioa |
Banaketa |
Ezkontza behin
betiko desegiten du eta behin dibortziatuta ezin izango da atzera egin. Horregatik,
dibortziatutako pertsonarekin ezkonduta egon ahal izateko ezkontza berri bat
ospatu beharko da. |
Ezkontza behin
behinean desegitea eragiten du eta horregatik, berradiskidetzeko aukera
ematen du; banaketa atzera botatzeko, ezkontideen arteko elkarbizitza eta
ezkontideen arteko betebeharrak berriro onartzeko nahia beharrezkoak dira. |
Egoera
zibilaren aldaketa eragiten du, ezkondu izatetik dibortziatu izatera. |
Ez du egoera zibilaren
aldaketarik eragiten, ezkonduaren estatusa mantentzen delarik. |
Ezkontza berri
bat ospatzea ahalbidetzen du. |
Ezin da
ezkontza berririk ospatu. |
Aitatasunaren presuntzio
azkentzen du, beraz, ezkontzaren baitan jaio den seme-alabaren aitatasuna ez
da presumituko. |
Ez du aitatasunaren
presuntzioa azkentzen, beraz, ezkontzaren baitan jaiotako haurrarekiko
aitatasuna errekonozitu eta erregistratuko da. |
Dibortzioa beti
epai bidez edo eskuduntza duen funtzionarioaren akta bidez ematen da. |
Modalitate ezberdinak
daude: izatezko banaketa, banaketa judiziala, idazkari judizialak edo
notarioak dekretatutako banaketa. |
**Etxeko ahala: Familiaren kudeaketak eta egunerokotasuna
dakartzan kargei eta zorrei aurre egiteko betebeharra sortzen du. Honen bitartez,
ezkontide batek batearen ondasun pribatiboak lotzeko aukera dauka. Dibortzioarekin
eta banaketa judizialarekin etxeko ahal desagertu egiten da eta beraz,
ezkontide bakoitzaren zorrak pertsonalak izango dira, beste ezkontideak
erantzungo ez duelarik bestearen ondasun pribatiboekin.
Comentarios
Publicar un comentario