Argitalpen honetan Zuzenbide Zibilaren baitako OinordetzaZuzenbidera gerturatuko gara eta testamentua zer den eta zein mota arautzen
diren ikasiko dugu.
Zer
da testamentua?
Kode Zibilak 667. artikuluan ematen digu testamentuaren definizio
xumea: <<Testamentu deritzo norbaitek, bere heriotza gertatu eta geroko,
bere ondasun guztiak edo batzuk xedatzeko gauzatzen duen egintzari>>.
Xedapen honekin batera ordea, 658. artikuluan jasotakoa ere ulertu beharra
dago: <<Oinordetza gauzatzen da gizakiak testamentuan adierazitako
borondatearen bitartez, eta, hori izan ezean, lege-aginduz>>.
Beraz, artikulu horietatik atera ditzakegun ondorioak
honakoak dira:
1) Kode Zibilak lehentasuna ematen dio kausatzailearen**
borondateari, berau hil ondorenean gauzatuko dena.
2) Testamentua kausatzailearen borondatearen adierazpena
da bere ondasunaren banaketaren ingurukoa, berau hil ondorenean errealitate
bihurtuko dena. Aitzitik, litekeena da kausatzaileak bere ondasun batzuekiko
bakarrik adieraztea banatzeko borondatea. Horrela, litekeena da testamentua
ondasun batzuekiko bakarrik egitea eta gainerako ondasunen banaketa legeak
adierazitakoa jarraituz egingo da.
3) Kausatzaileak ez badu testamenturik egiten
(borondaterik ez badu adierazi) orduan legeak adierazitakoaren arabera
gauzatuko da ondarearen banaketa.
Argitalpen honetan ez gara sartuko testamentuaren
inguruko xehetasun gehiagotan, baina komenigarria da jakitea testamentua egin
ahal izateko Kode Zibilak gaitasuna izatea galdatzen duela, ulertuz, legeak
berariaz zeintzuek ezin duten testamenturik egin jasotzen duelarik (Kode
Zibileko 662. artikulua). Kontuan hartzekoa da bestalde, testamentua egiteak ez
duela esan nahi edozein kasutan bertan adierazitakoaren arabera banatuko dela
jarauntsia; are gehiago, testamentua baliozkoa izateko baldintza ezberdinak
galdetzen ditu Kode Zibilak eta horiek betetzearen menpe egongo da
testamentuaren baliozkotasuna. Horregatik, oso garrantzitsua da jakitea
testamentu mota ezberdinak arautzen direla eta mota bakoitzaren arabera bete
beharreko formaltasunak ere ezberdinak izango direla.
Testamentu
motak
Kode Zibileko 676. artikuluari jarraiki testamentuak, oro
har, bi motakoak bereizten dira: arruntak
eta bereziak. Gainera,
testamentu ARRUNTAK dira testamentu irekia, itxia eta olografoa. Bestalde,
BEREZIAK dira testamentu militarra, itsasoan egindakoa eta atzerrian
eginikoa. Aitzitik, nahiz eta, testamentu irekiak diren, izaera bereziko
testamentuak dira hiltzeko arriskuan egindakoa eta izurrite aldian egindakoa.
ARRUNTAK
Testamentu irekia
Testamentuaren edukia ezaguna denean egongo gara
testamentu irekiaren aurrean, kasu hauetan, egintza baimendu behar duen
pertsonaren aurrean (Notarioa) egiten delarik borondate adierazpena.
Eskuduna den Notarioaren
aurrean egingo da testamentu irekia (salbuespenak salbu) eta
testamentugileak ahoz edo idatziz
adierazi beharko dio Notarioari bere azken borondatea, honek idatziz eta zuzen
jasoko duelarik. Dokumentu horretan testamentua ematen den lekua, urtea, hilabetea, eguna eta ordua adierazi beharko dira. Testamentuarekin ados agertu beharko
da testamentugilea eta kasu horretan, sinatu
egin beharko du, nahiz eta, zenbait kasutan litekeena den egintzara
bertaratutako lekukoek sinatzea. Notarioak testamentugilea ezagutu behar
duela adierazten du Kode Zibilak, helburua izanik testamentugilearen nortasuna eta gaitasuna zehaztea. Ezagutzen ez
duen kasuetan, bi lekukoren bitartez edo Autoritate Publikoek emandako
dokumentuen bitartez gauzatuko da identifikazioa.
Testamentu irekiaren egintzara leukoak bertaratu beharko dira: 1) Testamentugileak testamentua
sinatzen ez dakiela edo ezin duela adierazten duenean; 2) Testamentugilea itsua
denean edo testamentua bere kabuz irakurtzen ez dakiela edo irakurri ezin duela
adierazten duenean; 3) Testamentugileak edo Notarioak eskatzen dutenean.
Bukatzeko, testamentu ireki berezi bi jasotzen ditu Kodeak: Heriotza arriskuan egindako testamentua eta izurrite aldian egindakoa. Kasu hauetan Notarioaren parte hartzerik gabe egiten dira testamentuak, hurrenez hurren, bost eta hiru lekukok parte hartu beharko dutelarik.
Testamentu itxia
Egintza baimendu behar duen pertsonari testamentugileak
bere borondatea jasotzen duen dokumentua aurkezten dio, dokumentuaren edukia
ezezaguna izanik, horrela mantenduko delarik testamentugilearen heriotzara
arte.
Testamentu mota hau idatziz
jaso beharko da eta testamentugileak berak eskuz idazten badu, orduan bukaeran sinatuta joan beharko da. Kontrara,
beste pertsona batek edo bitarteko mekanikoak erabiliz idatzia izan bada
testamentua, testamentugileak orrialde guztiak sinatu beharko ditu, baita azken
orri oina ere. Testamentua idatzia izan denean Notarioaren aurrean egiletsia izango da, bere edukia sekretupean
mantenduko delarik.
Testamentua itxitako
eta zigilatutako estalki baten barruan sartuko da; ixteko eta zigilatzeko
egintza Notarioaren aurrean egin ahalko da, edo itxita eta zigilatuta aurkeztu
ahalko du testamentugileak Notarioaren aurrean. Notarioaren aurrean estalkiak testamentua jasotzen duela
adieraziko du testamentugileak eta Notarioak akta bat jaulkiko du, testamentugileak berak sinatu beharko duelarik. Testamentu irekian gertatzen den moduan,
testamentugileak ez badaki edo ezin badu bere kabuz sinatu, bi lekukoetako
batek egingo du. Aktan jasoko dira lekua, urtea, hilabetea, eguna eta ordua.
Ezin izango dute testamentu itxia egin itsuek eta irakurri ezin dutenek edo irakurtzen ez dakitenek; bestalde, idazten dakiten mutuek egin ahal izango dute.
Testamentu olografoa
Testamentugileak bere kabuz idazten duen testamentua
litzateke, baina Notarioaren aurrean egiten ez dena. Baliozkoa izan dadin
ezinbestekoa izango da borondate adierazpena osorik testamentugileak idatzi eta sinatzea, urtea, hilabetea eta eguna ere adieraziko dituelarik. Data jartzeak
bere garrantzia dauka testamentugilearen gaitasuna zehazteko, baina baita
kasuan kasu egon daitezkeen testamentuen arteko lehentasunak ezartzeko ere.
Bestalde, testamentuan ezabatutako hitzak, zuzendutakoak edo lerro artekoak
testamentugileak berak salbatu beharko ditu bere sinadurarekin.
Testamentu olografoa emateko gaitasuna ordea, ez dute 14
urtetik gorako pertsonek izango (gainerako testamentuetan gertatzen dena), adin
nagusiak diren pertsonek baizik.
Testamentu olografoaren berezitasun nagusiena ez da berau
egiterako orduan aurkezten, testamentugilea hiltzen denean (kausatzailea ere
izango dena) berau irekitzerako orduan baizik. Oinordetza irekitzen denean testamentua egiaztatzeko eta protokoloan
jasotzeko prozedura martxan jarri beharko da, horretarako testamentugilea
hil denetik 5 urteko epean Notario aurrean aurkeztu beharko delarik. Behin
Notarioak testamentuaren egiazkotasuna onartuta, protokolizatu egingo du eta
akta bat jaulki, nahiz eta, posible den protokolizazioa ez onartzea eta beraz,
artxibatzea.
BEREZIAK
Testamentu bereziez hitz egitean ez da aurretiaz
aipaturikoetatik desberdinak diren testamentuez hitz egiten; aitzitik, bereziak
izatea eragiten duena testamentua egiten den garaia edo lekua dira, horregatik,
kasu bakoitzean inguruabarrak kontuan izanda baliozkotasunerako betekizun ezberdinak
galdatuko direlarik.
Testamentu militarra
Garai eta leku konkretuetan eta pertsona konkretuek
bakarrik egin ditzakete mota honetako testamentuak; gerra garaian eta denboran, militarrek, boluntarioek, gerrako presoek eta
laguntzaileek bakarrik egin ahal izango dute testamentu militarra.
Testamentu militarra irekia, itxia edota arrisku egoeran
egindakoa izan daiteke, baina edozein kasutan bi lekuko egoki egon beharko dira testamentua egiterako unean.
Gerra egoeragatik testamentuek bete beharreko baldintzak leundu egiten direnez testamentu militarrean, iraungitze-epe nahiko laburra ezartzen zaio, hain zuzen ere, testamentugileak kanpainan egoteari utzi dionetik 4 hilabetekoa.
Itsasoan egindako testamentua
Itsas
bidaietan egiten diren testamentuak barneratuko lirateke kategoria honetan, irekiak zien itxiak izan ahalko
direlarik. Bi azpimota ezberdintzen dira: gerrako ontzian egindako testamentuak
eta merkataritzako ontzian egindakoak, kasu batean zein bestean egintza
baimendu behar duen pertsona ezberdina izango delarik, beti ere bi lekuko ezinbestekoak izango
direlarik.
Testamentu militarrarekin gertatzen den bezala, itsasoan egindakoa ere irekia edo itxia izan daiteke, baina baita olografoa ere. Hori bai, itsasoan egindako testamentu irekia eta itxia testamentugileak modu arruntean testamentua egin dezakeen lekuan lehorreratzen denetik 4 hilabeteko epean iraungiko dira.
Atzerrian egindako testamentua
Nahiz eta, testamentu berezien sailkapenaren barruan
sartu, espainiarrek testamentua egiteko duten beste modu bat besterik ez
litzateke. zehazki, Espainiatik kanpo atzerrian aurkitzen diren Estatuko legeen
arabera testamentua egiteko dagoen aukera da. Hala ere, Espainian debekatuta
dagoenez testamentu mankomunatua egitea, lege atzerritarrek baimentzen badute
ere, Espainian ez da baliozkoa izango.
Testamentua
egitearen garrantzia
Argitalpenaren hasieran esan dugun moduan, testamentua
testamentugileak bera hil ondorenean gauzatuko den borondatea adierazteko
tresna da. Testamentua egiteak beraz, garrantzia dauka, etorkizunean
testamentugilearen ondarearen banaketa nola gauzatu jasotzen delako bertan;
jakitun izan behar gara ordea, ondare izaerako adierazpenez gain, bestelakoak
ere bil ditzakeela testamentuak. Ezezaguna den kontzeptu bat ageri zaigu hemen,
izan ere, testamentugilearen borondate autonomiari ezartzen zaion muga
garrantzitsua da senipartearena, hau da, testamentugileak xedatu ezin duen
jarauntsiaren zatia litzateke, legeak pertsona zehatzei erreserbatzen diena. Horrenbestez,
ezin daiteke pentsa testamentuaren bitartez testamentugilearen jarauntsi osoa
nahierara bana daitekeenik.
Bestalde, borondatea adieraztearekin batera,
jarauntsiaren banaketa gauzatzerakoan askotan gertatzen diren liskar eta
haserreak ekiditeko modua ere izango litzateke testamentua egitea eta ondo
egitea. Kontrako kasuan, testamenturik egin ez delako edo legezko
betekizunak bete gabe egin delako, legeak berak ezarritako eran gauzatuko bait
da banaketa, kasuan kasuko errealitatera egokitzen ez diren lege xedapenak
jarraituz eta testamentugilearen borondatea kontuan hartu gabe.
**Kausatzailea: Oinordetza prozesua martxan jartzearen
kausa litzateke, hain zuzen ere, hildako pertsona litzateke, heriotza
gertatzearen eraginez bere ondarea banatzeko prozesua martxan jartzen duena.
Comentarios
Publicar un comentario