DERRIGORREZKO OINORDETZA: SENIPARTEA (LA LEGÍTIMA)

 


Argitalpen honetan senipartea (la legítima) zer den ikasiko dugu. Hala ere, KONTUZ! Oso garrantzitsua da jakitea Zuzenbide Zibilari dagokionean Euskal Autonomia Erkidegoan 5/2015 Euskal Zuzenbide Zibilaren inguruko Legea indarrean dagoela. Horregatik, batetik, Euskal Zuzenbide Zibilak senipartearen inguruan duen arauketa aztertuko dugu eta bestetik, Kode Zibilak jasotako araudia. Lehendabizi ordea, senipartea zehazki zer den azalduko dugu.

 

Zer da Senipartea?

Senipartea testamentugileak xedatu ezin duen ondasunen zatia da, legeak horrela ezartzen duelako. Hortaz, esan daiteke senipartea dela testamentugileak askatasunez aukeratu ezin duen bere ondasunen zatia, izan ere, legeak berak adierazten du zati hori zein oinordekok jasoko duten.

Beraz, hasiera batean ikusita, testamentugilearen borondate askatasunari ezartzen zaion muga izango litzateke senipartea. Hala ere, honen inguruan autore askok adierazi dute ez dela testamentugileari ezartzen zaion debekua, betebeharra baizik, testamentugileak errespetatzen ez duen kasurako legeak senipartedunei tresna juridikoak eskuragarri jartzen dizkielako dagokien zatia erreklamatzeko.

 

Euskal Zuzenbide Zibileko arauketa

2015. urtea baino lehen, 3/1992 eta 3/1999 Legeak zeuden indarrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko bakoitzak (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak) bere arauketa propioa zeukan Zuzenbide Zibilari eta bereziki, Oinordetza Zuzenbideari zegokienean. 2015ean ordea, gauzak zeharo aldatu ziren 5/2015 Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko legea indarrean sartzearekin batera: aldaketa esanguratsuena lurralde historikoentzat araudi komuna ezartzen duela, betiere, lurralde bakoitzean lehendik zeuden berezitasunak kontuan hartuta.

Seniparteari dagokionean esatekoa da oso modu ezberdinean arautzen dutela 5/2015 Legeak eta Kode Zibilak, euskal legegileak egungo gizarte eskakizunetara egokitu duelarik senipartearen inguruko arauketa.

Euskal Zuzenbide Zibilean senipartedunak bi dira: 1) Seme-alaba eta ondorengoak eta 2) Alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea. Gainera, testamentugileari aukera ematen dio senipartedun guztien artetik batzuk aukeratzeko, horiek izango direlarik jarauntsia jasoko dutenak. Beraz, egungo arauketaren arabera ulertzen da senipartea kolektiboa dela eta testamentugileak aukera daukala senide batzuk baztertzeko.

Senipartedunei egokitzen zaien jarauntsiaren zatiari dagokionean berriz, egoera ezberdinak ageri dira:

1) Seme-alaba eta ondorengoen senipartea: Jarauntsi osoaren heren bat litzateke. Kasu honetan testamentugileak askatasuna dauka seme-alaba eta ondorengoak biak dauden kasuetan, seme-alabak saltatu eta ondorengo edo urrunagoko bilobei senipartea emateko.

2) Alargunaren edo bizirik dirauen izatezko bikotekidearen senipartea ondorengoekin batera agertuz gero: Kasu honetan alargunak edo izatezko bikoteak gozamen eskubidea izango du kausatzaileak utzitako ondasun guztien erdiaren gainean.

3) Alargunaren edo bizirik dirauen izatezko bikotekidearen senipartea ondorengoak ez dauden kasuan: Hemen ere gozamen eskubidea izango du, baina ondasunen bi herenen gainean.

 

Berezitasunak Euskal Zuzenbide Zibileko Legean

Tronkalitatea

Bizkaiko infantzonatuan eta Araban Laudion eta Aramaioko udal mugetan tronkalitateari buruzko arauek lehentasuna dute senipartearekiko, helburua izanik familia izaerako ondarea babestea. Horrenbestez, ondasun tronkalen jabeak senide tronkeroen eskubideak errespetatu beharko ditu ondasun horiez xedatzerakoan.

Bizkaiko infantzonatua edo lur laua da Bizkaiko lurralde historiko osoa, salbu eta Balmaseda, Ber­meo, Bilbo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete eta Plentziako hiribilduen zati forugabea, eta Urduñako hiria.

Aiaran testamentua egiteko askatasuna

Aiarak betidanik eduki du izaera berezia Zuzenbide Zibilaren baitan, Aiarako Foruak aplikagarriak izan direlarik. Egun indarrean dagoen 5/2015 Legean jasotzen den moduan, izaera berezi hori mantentzen du, hain zuzen ere, Aiarako haranari berezko zaion zuzenbide zibila aplikatuko bait da Aiara, Amurrio eta Okondoko udal-mugarteetan, eta, Artziniegako udaletik, Mendieta, Erretes Tudela, Santa Koloma eta Soxo­gutiko auzoetan. Berezko Zuzenbide Zibil horrek ezartzen duen moduan, aipaturiko herrietan testamentua egiteko askatasuna egongo da, testamentugileak bere ondasunak modu askean xedatu ahal izango dituelarik; aitzitik, bidezkoa izango da senipartedunak baztertzea.

Baserriari loturiko arauak Gipuzkoan

Gipuzkoari dagokionean, esatekoa da baserriaren inguruko arau bereziei loturiko atala jasotzen duela 5/2015 Legeak.

 

Eraentza komuneko arauketa

Kode Zibilaren kasuan senipartearen inguruan 807. artikulua mintzo da, adieraziz nahitaezko jaraunsleak direla: 1) Seme-alaba eta ondorengoak; 2) Ez badago ondorengorik guraso eta aurreko ahaideak; eta 3) Ezkontide alarguna, aurrekoekin edo bakarrik ager daitekeelarik.

Ikus daiteke, beraz, ezberdintasun nahiko esanguratsua dagoela Kode Zibileko eraentza komunaren eta Euskal Zuzenbide Zibilaren artean. Lehenak garrantzia handiagoa aitortzen die guraso eta aurrekoei ezkontide alargunari baino. Horrekin batera, ezkontidea da Kode Zibilak aipatzen duena senipartedun gisa eta ez dio inolako erreferentziarik egiten izatezko bikoteari, azken hau ez delarik seniparteduna izango araudi komunaren arabera; bai ordea, Euskal Zuzenbide Zibileko legearen arabera, beren beregi jaso bait da izatezko bikotearen figura senipartean.

Bestalde, Kode Zibilak egoera ezberdinak aurreikusten ditu senipartearen zatia zein den zehazte aldera:

1) Ondorengoen senipartea: Jarauntsi osoaren bi herenek osatuko lukete; hala ere, horietatik heren bat seniparte hertsia izango litzateke eta bestea berriz, hobekuntza. Seniparte hertsiaren zatia ondorengo senipartedunen artean zati berdinetan banatuko da; hobekuntza testamentugileak erabili ahalko duen zatia da, senipartedunen artean berak aukeratutakoari emateko; erabiltzen ez duen kasuetan, senipartedunen artean zati berdinetan banatuko da. Azpimarratzekoa da, hobekuntza bakarrik ondorengoen senipartean agertzen den erakunde juridikoa dela. Bestalde, seme-alaba eta ondorengoak dauden kasuetan, Euskal Zuzenbide Zibilean ez bezala, seme-alabek ondorengoei bidez ixten diete bizirik dauden bitartean. Honek berekin dakarren ondorioa da, seme-alabak bizirik dauden bitartean senipartea hauei egokituko zaiela eta ez gainerako ondorengoei. Salbuespena, hobekuntzaren herena izango da, hain zuzenki, senipartedunak ez diren ondorengoak hobetuak izan ahalko direlako.  

2) Aurreko ahaideen senipartea alargunik gabe: Jarauntsi osoaren erdiak osatuko luke senipartea.

3) Aurreko ahaideen senipartea alargunarekin batera: Jarauntsi osoaren heren batek osatuko du aurreko ahaideen senipartea, guraso bakoitzarentzat heren horren erdia izango delarik; gurasoetako bat bakarrik badago bizirik herena osorik jasoko du. Gurasorik ez badago, baina bai gradu bereko aurreko ahaideak aitaren eta amaren lerroetan, orduan lerro bakoitzari herenaren erdia egokituko zaio.

4) Ezkontide alargunaren senipartea seme-alaba edo ondorengoekin batera: Jarauntsi osoaren herenaren gaineko gozamen eskubidea izango du.

5) Ezkontide alargunaren senipartea aurreko ahaideekin batera: Jarauntsi osoaren erdiaren gaineko gozamen eskubideak osatuko du ezkontide alargunaren senipartea.

6) Ezkontide alargunaren senipartea bakarrik dagoenean: Jarauntsi osoaren bi herenen gaineko gozamen eskubidea edukiko du.

Ikus daitezkeen beraz, alargunaren senipartea kasu guztietan gozamen eskubideak (usofructo) osatuko du, nahiz eta, bat egiten duen subjektuen arabera gozamen eskubidearen edukia desberdina izango den. Bestalde, Kode Zibilak alargunaren gozamen eskubidea kommutatzeko aukera ematen die oinordekoei, modu horretan, gozamen eskubidearen balioa dirutan edo beste ondasun batzuetan ordainduko zaiolarik alargunari.


Aipamena Nafarroako arauketari

Nafarroari dagokionean aipamen laburra egingo dugu senipartearen inguruan. 21/2019 Legea orain dela denbora gutxi sartu zen indarrean, Nafarroak Zuzenbide Zibileko Konpilazioa (Foru Berria) aldatu eta eguneratu dituena. Bertan jasotzen denaren arabera, Nafarroan senipartea ondasun higigarriei dagokienez, bost alokairu <<feble>> edo <<carlin>>ez eta, ondasun higiezinei dagokienez, herri mendietako erregu bat lurrez osatzen da, zeinak ez duen ondare eduki galdagarririk. Testuak erabiltzen duen hizkuntza antzinakoa dela ikus daiteke eta inolako ondare izaerarik ez duela adierazten denez, errealitate praktikoan Nafarroan testamentua egiteko erabateko askatasuna dago.

 


Comentarios