TESTAMENTU BETEARAZLEA: ALBAZEA


Obligaciones del albacea jurisprudencia – Muestras de documentos


Ba ahal dakizu zer den albazea bat? Erantzuna ezezkoa bada, ez kezkatu, argitalpen honen bitartez figura honen inguruko alderdi guztiak ezagutuko dituzu, beharrezkoa den ezagutza guztia lortuz. 

 
Zer da albazea bat? Eta non arautzen da?
 

Albazearen figura Kode Zibilean dago araututa, zehazki 892-911.artikuluetan. Honako hau, testamentu-egilearen konfiantzazko pertsona da, testamentuan bertan izendatua dagoena, eta pertsona bakarra edo bat baino gehiago izan daitezke (KZ-eko 892.artikulua). Hori horrela, hirugarren baten interes pribatuak kudeatzen dituen pertsona izango da albazea, eta testamentugilea hil ondoren onartuko du bere kargua. Albazearen izendapena eta karguaren onarpena ez dira aldi berean gertatzen, izendapena kausatzailea bizirik dagoenean egiten bait da eta karguaren onarpena kausatzailea hil ondoren. Figura honen izendapenaren oinarrian,  testamentugileak bera hil ondoren bere testamentua betearazteko duen nahia dagoela esan daiteke. Administratzaileak eta kontulari-banatzaileak ez dituzte funtzio berberak baina litekeena da bi figura hauek, kausatzaileak, albazearen karguaren barnean sartzea.  
 
Doktrinaren zati batek albazeatza mandatuarekin lotu du, bi figuren artean antzekotasunak bait daude: 1) Bietan izendatuak hirugarren baten interesak kudeatzen ditu; 2) Izendapenaren funtsezko oinarria, izendatzaileak izendatuarengan duen konfidantza da. Bestalde, bi horien arteko ezberdintasuna negoziazioaren egituran dagoela antzeman daiteke, mandatua alde biko kontratua bait da eta albazearen izendapena, aldiz alde bakarrekoa da, eta gero testamentugilea hil ondoren onartzen da. 


Nortzuk dute albazea izateko gaitasuna?
 

Albazea izateko gaitasuna Kode Zibileko 893.artikuluan arautzen da: << No podrá ser albacea el que no tenga capacidad para obligarse. El menor no podrá serlo, ni aún con la autorización del padre o del tutor>>. Artikulu honen arabera, emantzipatuak betebeharrak hartzeko gaitasuna du, kontuan izanik Kode Zibilak 323.artikuluan ezarritako mugak. Pertsona juridikoek ere badute albazea izateko gaitasuna, esanbidez ez bait da ezer ezartzen eta betebeharrak hartzeko/bereganatzeko gaitasuna bait dute (Kode Zibileko 38.artikulua). Jakina, persona juridikoaren helburuetan egon beharko du kargua egikaritzea, hau da, bere xedea edo helburu soziala izan behar du. Gaitasuna neurtzeko unea kargua onartzen den unea da, eta ez oinordetza irekitzen den unea.

 

Zein albazea mota daude?

Albazea motak zehazteko orduan, zenbait sailkapen egin daitezke, erabilitako irizpidearen arabera:

1. Izendatzailearen arabera, albazea izan daiteke: 
    aTestamentugileak izendatutako
    b. Albazea legitimoa edo jaraunsleek izendatutakoa (KZko 911. art). 
    c. Albazea datiboa edo epaileak izendatutakoa. Azken kasu honi dagokionean, Prozedura Zibileko Legearen 977. artikulua izan behar da kontutan, non jaraunsle adierazpena ofizioz egiteko prozedura aipatzen den; bereziki, norbait testamenturik gabe hil bada eta aurreko zein ondorengo ahaiderik, ezkontiderik edo laugarren maila arteko ahaiderik ez badu. Hori horrela, pertsona honen ondasunak babesteko egokiak diren erabakiak hartzeko gaitasuna du epailea.

2. Karguan duen iraupenaren arabera
    a. Behin behineko albazea: Epaileak izendatutako albatzea da, jaraunslerik edo legatu hartzaileik ez dagoenean, edo egonda, jarauntsia onartzen ez duenean. 
    bBehin betiko albazea: Testamentuan jaraunsleek edo epaileak izendatutako albazea da, enkargua onartzen duena, eta beraz, mandatu hori hurrengo urtean gauzatu eta amaitzeko betebeharra duena (legeak ezarritako irizpideen arabera).

3. Kargua betetzean egiten duen jardueraren arabera (Kode Zibileko 894.artikulu):
    a. Albazea unibertsiala: ahalmen guztiak dituen albazea izango da albazea unibertsala.    
    b. Banakako albazea: ahalmen zehatz bat edo batzuk dituena da. Albazea mota honi buruz, kasu bat aurkitu daiteke 907.2 artikuluan: si hubieren sido nombrados no para entregar los bienes a herederos determinados, sino para darles la inversión o distribución que el testador hubiese dispuesto en los casos permitidos por derecho, rendirán sus cuentas al Juez.

4. Erantzukizunaren edo kopuruaren arabera (KZko 894.2 art.)
    a. Ondoz ondoko albazea: Izendatutako albazeak bat baino gehiago direnean, horietako bakoitzak gauzatuko du kargua, banaka eta ondoz ondo, testamentuegileak izendatu dituen hurrenkeran, kargua onartzen ez duten kasuetan edo horietako bat falta denean. 
    b. Albazea mankomunatuak (KZko 895. art): Izendatutako albazeak bat baino gehiago badira eta testamentuan esanbidez ezartzen bada, horiek guztiak izango dira, adostasunez, kargua beteko dutenak. Horien funtzioei eta erabakiei dagokienean, akordio bateratuan egiten dutenak, horietako batek besteen baimenarekin egiten duenak edo, ados jartzen ez badira, gehiengoak erabakitzen duenak baino ez du balioko. Beraz, gehiengo adostasunik lortzen ez bada, epailea izango da erabakia hartuko duena. Dena den, Kode Zibileko 896.artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, presa handiko egoera bada, albazea mankomunatuetako batek beharrezkoak diren egintzak egiteko gaitasuna izango du, bere erantzukizun pertsonalaren pean, baina horren berri eman beharko die gainerako albazeei. 
    c. Albazea solidarioak (KZko 897.art): Erantzukizuna solidarioa izateko, esanbidez ezarri behar da, ez da inoiz berez jakintzat emango. Mota honetako albazean, ez da beharrezkoa parte-hartze bateratua; edozeinek egikari dezake kargua, besteek egin dutena kontuan izanik. 


Zeintzuk dira albazearen ahalmenak? Eta betebeharrak? 
 
Albazearen ahalmenak modu honetan sailkatzen dira: 
 
1Testamentuan ezarritakoak: Albazeek testamentuegileak beren beregi eman dizkien ahalmen guztiak izango dituzte, beti ere legeen aurkakoak ez badira (KZ-eko 901.art). Kode Zibilaren 747. eta 749. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, albazeak testamentugileak nahi dituen ahalmenak izango ditu, testamentuan adierazitakoak. Era horretan, albazea unibertsala bada, bere funtzioari dagozkion ahalmen guztiak bereganatuko ditu. 
 
2. Legeak emandakoak: Testamentugileak ez baditu albazeen ahalmenak bereziki zehazten, honako hauek izango dituzte (KZ-eko 902.art): 
    a. Testamentu-egilearen hileta xedatu eta ordaintzea, testamentuan xedatutakoaren arabera; eta halakorik izan ezean, herriko ohituren arabera. Honako hau ez da askotan betetzen, izendapenaren berri hileta egin ondoren jakiten bait da. 

    b. Diruzko legatuak betetzea, jaraunslearen ezagutza eta onespenarekin.

    c. Testamentuan agindutako gaineko guztia betearazten dela zaintzea, eta testamentuaren baliozkotasunari eustea, justua izanik, epaiketan eta testamentutik kanpo. Beraz, ahalmen honetan bi funtzio barnebiltzen dira: batetik, albazea ez direnak beren betebeharrak betetzen dituztela kontrolatzea, eta bestetik, prozesua kudeatzea.

    d. Ondasunak kontserbatzeko eta zaintzeko beharrezko neurriak edo behin-behineko erabakiak hartzea, bertan dauden jaraunsleen esku-hartzearekin (ados egon behar dira). Hau horrela, albazeak ez du administratzeko ahalmen zabala izango, baina bai administrazio arrunteko erabakiak hartzeko ahalmena. 

3. Besterentzeko ahalmena: testamentugileak, esanbidez, honako ahalmen hau eman badio albazeari, ondasunak jaraunsleen parte hartzerik gabe besterentzeko ahalmena izango du, betiere seniparteak errespetatuz; izan ere, azken hauek parte hartuz gero, horiek ondasunak jasotzeko eskubidea dute. Esanbidez ezean, honako aukera hau ematen dio legeak: Jarauntsian ez badago ehorzketak eta legatuak ordaintzeko adina diru, eta jaraunsleek ez badute diru hori eurengandik jasotzen, albazeek ondasun higigarrien salmenta sustatuko dute; eta, ondasun higigarriek osasun higiezinen salmenta lortzen ez badute, jaraunsleen esku hartzearekin egingo da. Adingabe, absente, korporazio edo establezimendu publikoren batek jarauntsian interesa badu, ondasunen salmenta egingo da legeek kasu horietarako ezarritako formalitateekin (KZ-eko 903. art). Era horretan, akordiorik lortzen ez den kasuetan epaileak hartuko du erabakia. 

Kode Zibileko 899.artikuluaren arabera, kargua onartzen duen albazeak kargua betetzeko betebeharra eratzen du; hala ere, karguari uko egiteko aukera aurreikusten da, idazkari judizialaren edo notarioaren irizpideen araberako arrazoi zuzena alegatzearen bidez. Bestalde, Kode Zibileko 908.artikuluaren arabera, albazeasgoa doakoa da. Hala ere, testamentugileak egokitzat jotzen duen ordainsaria adieraz diezaieke; hori guztia banaketa-lanengatik edo bestelako lanengatik dagokiena kobratzeko duten eskubideari kalterik egin gabe. Testamentugileak, albazeei ordainsariren bat oinordetzan uzten dien kasuetan, kargua onartzen ez dutenen zatia handiagoa izango da kargua betetzen dutenena baino. 

 
Zein da albazea karguaren eraentza juridikoa?
 
1. Kargua, izaeraz, txit pertsonala da; beraz, jaraunsleek ezin dute baztertu. Gainera, Kodeko 909. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, albazeak ezin izango du kargua eskuordetu, testamentugilearen berariazko baimenik ez badu. Horrek ez dakar, laguntzailerik erabili ezin duenik; kasu horretan, ordezkoa izendatzeko, baimena esanbidez jaso beharko da testamentuan.
 
2. Albazearen izendapena testamentuan egingo da. Honako hau, ez da inon zehazten, baina Kode Zibileko 892.artikuluan jasotzen den adierazpenetik ondorioztatu dezakegu, izan ere artikuluan “el testador podrá nombrar uno o más albaceas” adierazten da. Beraz, izendapenaren baliotasuna baieztatzeko, testamentuaren erregimena izan beharko da kontuan. Bestalde, baldintzapean edo epe baterako egindako izendapena ere baliozkoa izango da.
 
3. Delazioa: albazearen kargua borondatezkoa da, eta, beraz, kargura deituak hura onartzeko edo saihesteko aukera izango du (Kode Zibileko 899.art). Hori horrela, albazeak ez badu ezer adierazten, kargua onartu duela ulertuko da, eta behin kargua onartuta hura garatzeko betebeharra izango du (KZ-eko 899.artikulua). Kargura deituak, hura onartzeko, onarpen egintza burutu beharko du, hots, inter vivos egindako borondate-adierazpena ein behar du; hala dagokionean, isilbidez egin daitekeena. Kargua alde batera uzteko edo ukatzeko, ezinbestekoa da hura esanbidez adieraztea (onarpena jakintzat ematen baita), baina kargura deituak, hura ukatzeko edo ez onartzeko bidezko arrazoirik ematen ez badu, zigor zibila jasoko du (KZ-eko 900.art). 
 
4. Zeregina betetzeko epeak eraentza berezia du: Albazeak, testamentugileak eperik ezarri ez badio, urtebeteko epean bete beharko du bere kargua, testamentua onartzen denetik zenbatuta; edo testamentuaren edo testamentuko xedapen batzuen baliozkotasunari edo deuseztasunari buruz sustatutako auziak amaitzeko direnetik zenbatuta (KZ-eko 904.art). Bestalde, Kode Zibileko 905.artikuluaren arabera, testamentugileak legezko epea luzatu nahi badu, esanbidez adierazi beharko du luzapenaren epea; eta hala egiten ez badu, epea urtebetez luzetu dela ulertuko da. Luzapen hori igaro eta oraindik ez bada testamentugilearen borondatea bete, epaileak beste bat eman ahal izango du, kasuaren inguruabarrak kontutan hartuta, beharrezkoa den denborarako. Bukatzeko, Jaraunsleek eta legatu hartzaileek, ados jarrita, albazeasgoaren epea luzatzeko aukera izango dute, euren ustez beharrezkoa den denboran; baina akordioa gehiengoz hartu bada, luzapena ezin izango da urtebetetik gorakoa izan (KZ-eko 906. art.).

 
Nola iraungitzen da albazea? 
 

Albazea iraungitzeko kausak, Kode Zibileko 910.artikuluan daude aurreikusita eta hurrengo hauek izango dira:  
 
1. Albazea hiltzea. 
 
2. Zeregina betetzea ezinezkoa izatea (Esaterako: absentzia, ezgaitasuna edo kaudimen gabea izatea). 
 
3. Uko egitea: Albazea izateari uko egiteko, horren berri eman behar zaie jaraunsleei (KZ-eko 1736. art.); horiek, ondoren, epailearengana jo dezakete, albazeak uko egiteko kausa zilegirik ez duela uste izanez gero. Hori horrela, albazeak bidezko kausarik gabe uko egiten badu, testamentugileak utzitakoa galduko du, salbu senipartean dun eskubidea (KZ-eko 900. art.). Interesdunak edo hurrengo albazea izango denak kargua hartu arte, albazeak bere zereginetan jarraitu behar du (KZ-eko 1737. art.) eta, kalterik sortuko balu, kalte-galerak ordaindu beharko ditu (KZ-eko 1736. art.). 
 
4. Albazea ezinbestez kargutik kentzea. 
 
5. Epea amaitzea. 
 
6. Zereginak betetzea, nahiz eta betetzeko epea oraindik amaitu ez. 
 
Albazeak bere jarduera bukatu ondoren, kontuak eman beharko dizkie jaraunsleei. Hala ere, albazea ondasunak jaraunsle jakin batzuei emateko izendatu beharrean, testamentugileak zuzenbidez baimendutako kasuetan inbertsioa edo banaketa emateko izendatu badu, epaileari emango dizkiote euren kontuak. (KZko 907. art.). 

Comentarios