LAN GATAZKAK KONPONTZEKO PROZEDURA AUTONOMOAK
Argitalpen hau, lan gatazkak konpontzeko prozedura autonomoen azterketan oinarrituko da. Horretarako, gaur egun aurkitu ditzakegun lan gatazka motak bereiztu behar dira lehenengo eta behin horiek identifikatuta ditugunean, horiei konponbide bat emateko aurreikusten diren prozedura autonomoak aztertzera pasatuko gara.
Zer da lan gatazka bat?
Lan gatazka bat langileen eta enpresaburuen arteko eztabaida edo liskarra da, gatazkaren alderdiek gai bati buruz duten iritzi edo ikuspuntu ezberdinean oinarritua dagoena. Hori horrela, ezinbestekoa da gatazka hori ahalik eta lasterren konpontzea, izan ere konponbidea denboran luzatuz gero, lan harremana larriki kaltetzeko arriskua egon daiteke.
Zein gatazka mota aurkitu daitezke lan arloan?
Egun, gatazka mota ezberdinak aurkitu ditzakegu lan arloan, horietan parte hartzen duten alderdien eta duten ezaugarrien arabera sailkatzen direlarik. Gatazkan parte hartzen duten alderdien arabera, gatazka indibiduala edo kolektiboa izan daiteke. Gatazka indibidualak, langile baten eta enpresaburu baten artean ematen dira, eta kolektiboak, aldiz, langile talde eta enpresari edo enpresari talde baten artean, hots, gatazka kolektibo baten aurrean gaudela esateko langileen interes orokorra urratu behar da. Gatazka kolektiboa, gure ordenamendu juridikoan barneratuta dagoen kontzeptua da; izan ere, lehen aldiz, lan harremanei buruzko martxoaren 14ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 17.artikuluan agertu zen. Horrekin batera, lan arloko jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 153.1.artikulua aipatu behar da, gatazka horren aplikazio eremua arautzen bait du. Horrela, esan daiteke gatazka kolektibo bat bi elementu nagusik osatzen dutela: batetik, langileen interes orokorrari eragitea, eta bigarrenik, gatazkaren xedeak, langile talde edo kolektibo bati eragitea. Gatazkan parte hartzen duten subjektuen arabera, hirugarren gatazka mota bat bereiztu daiteke, gatazka plurala hain zuzen ere. Honako hau gatazka indibidualaren eta kolektiboaren arteko nahasketa bat dela esan daiteke, izan ere gatazka pluralean gatazka edo interes indibidualak modu kolektiboan kudeatzen dira. Beste modu batean esanda, gatazka pluralean langile talde bat da gatazka kudeatzeaz arduratuko dena baina eragindako interesa langile bakoitzarena (indibiduala) izango da.
Bestalde, gatazko kolektiboen baitan azpisailkapen bat nabarmendu daiteke, honako hau juridikoa eta interesezkoa edo ekonomikoa izan bait daiteke. Gatazka juridikoak edo interpretaziozkoak, arau bat interpretatzearen edo aplikatzearen ondorioz sortutako desadostasunen emaitza dira, eta arau hori Estatu mailakoa, hitzartutakoa edo enpresa araua izan daiteke. Hau horrela, gatazka horri emango zaion konponbidea ezinbestean zuzenbidearen araberakoa izan behar da, hau da, auzibidea da gatazka mota hau konpontzeko bide bakarra. Gatazka juridikoak 36/2011 Legearen 163-166. artikulu bitartean daude arautuak, horietan hitzarmen kolektiboak aurkatzeko prozeduraren hasiera, jakinarazpenerako betekizunak, legitimazioa eta epaiketa eta ebazpena arautzen direlarik. Bestetik, interesezko gatazka edo ekonomikoa, arau bat sortu, aldatu edo ordeztu nahi denean sortzen da. Horrela, gatazka hauei konponbidea eman ahal izateko interes kontrajarriak haztatzea eta horien kontrakotasuna leuntzea edo ahal den neurrian ezabatzea beharrezkoa izango da. Era honetan, mota honetako gatazketan auzibidez kanpoko prozeduretara jotzeko aukera aurreikusten da, eta horien bitartez konponbide bat bilatzea ezinezkoa bada, gatazkako alderdiek auzibidera jo beharko dute.
Lan gatazkak konpontzeko prozedura autonomoak nola sailkatzen dira?
Bi dira lan arloan sortzen diren gatazkak konpontzeko bide nagusiak: autokonposizioa eta heterokonposizioa. Autokonposizioan, gatazka alderdien parte-hartze zuzenarekin konpontzen da, edo akordio batera iristeko negoziazioan parte hartzen duen hirugarren baten adiskidetzearekin. Beraz, litekeena da hirugarren batek prozeduran parte hartzea, baina honen funtzioa gatazkaren parte diren bi alderdiak modu baketsuan komunikatzea eta bi horien jarrerak hurbiltzera mugatuko da; izan ere, prozedura honetan alderdiak dira azken erabakia hartuko dutenak, borondatez, eta horrek bi alderdiek zerbait sakrifikatu beharra dakar. Sistema autocompositiboen artean, hiru sistema nagusi bereizten dira: negoziaketa, adiskidetzea eta bitartekaritza.
a) Negoziaketa
Negoziaketaren bidez interes kontrajarriak dituzten bi alderdik edo gehiagok elkar komunikatzen dute akordio batera iristeko. Hori horrela, esan daiteke alderdiak direla prozesuan esku hartzen duten bakarrak. Dena den, litekeena da hirugarren batek prozesuan parte hartzea, gairen bati buruzko iritzia ematea eskatzen bazaio gatazkaren konponbidea bideratzeko.
Ohikoa da alderdiek, edo gutxienez, alderdietako batek akordio batera iristen saiatzea jurisdikzio edo arbitraje bideetara jo baino lehen. Beraz, esan daiteke negoziaketa gatazkak konpontzeko lehen sistema dela. Are gehiago, prozesu judiziala edo arbitraje prozesua hasita, litekeena da alderdiek negoziazio saio bat egitea erabakitzea; horretarako, adibidez, arbitrajeari buruzko 60/2003 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako prozesu judiziala eteteko mekanismoak edo arbitraje prozesua aldez aurretik amatzeko sistemak erabili ditzakete.
b) Adiskidetzea
Adiskidetzean hirugarren inpartzial ez erabakitzaile batek esku hartzen du, hura alderdien arteko harremana eta komunikazioa erraztera mugatuko delarik, alderdiek arazoa beren kabuz konpon dezaten. Espainiako ordenamenduan, tradizioz, organo “adiskidetzailea” erakunde judizial edo administratibo bat izan da, nolabaiteko agintaritza duena, eta alderdien arteko harremana errazteaz gain, akordioa badagoela egiazta dezake, bai eta hura legearekin bat datorrela kontrolatu ere. Era horretan, adiskidetzea gatazkak konpontzeko sistema autonomo gisa aurreikusi da, bi legeri aipamen berezia egin behar zaielarik: 17/1977 Errege Lege Dekretua eta 36/2011 Legea. Lehenengoari dagokionean, 17-25 artikuluak dira aipagarri, horietan lan autoritateen aurreko adiskidetze eta bitartekaritza prozedurak arautzen bait dira. Bigarrenari dagokionez, Legearen V. Tituluko I. Kapituluri erreparatu behar zaio, bertan arautzen bait dira adiskidetze prozeduraren inguruko gai guztiaz.
c) Bitartekaritza
Eztabaidak kudeatzeko borondatezko sistema honetan, gatazkan dauden alderdiek, hirugarren inpartzial baten (bitartekaria) laguntzarekin, beren arteko desadostasunak konpontzen dituzte, beren kabuz akordio batera iritsiz. Bitartekariak komunikazio-kanal gisa jardungo du, eta elkarrizketa-espazio bat sortuko du, beharrezkoa dena alderdiek beren egoeraren bertsioa adierazi, gatazkaren puntuak finkatu, eta beren iritziak, ikuspuntuak, interesak eta beharrak adierazi ditzaten, haien artean adostasuna lortzeko. Hori horrela, bitartekariak ez du ebazpena inposatzen (jurisdikzioan edo arbitrajean bezala), bere eginkizuna aldeei laguntzea eta haiekin lankidetzan aritzea besterik ez da, alderdiek beren arteko desadostasunak konpondu ditzaten, interbide elkarrizketatu eta negoziatu baten bidez. Beraz, bitartekariak proposamen ezberdinak egingo dizkie alderdiei eta horiek proposamena onartu edo ezeztatuko dute.
Prozesu honi hasiera emateko, eskaera bat aurkeztu behar da dagokion zerbitzuaren aurrean. Gure kasuan, bi zerbitzu mota berezitu ditzakegu: SIMA eta Lan Harremanen Kontseilua. SIMA edo Bitartekaritza eta Arbitraje Konfederazio Zerbitzua Estatu mailako zerbitzua da, eta lan gatazkak konpontzeko prozedura autonomo hauen garapenaz arduratzen dira. Zerbitzu honek V. Akordioaren pean jarduten du, akordio horretan jasotzen bait dira fundazioaren jarduera eremua, osaera, aztertzen dituzten gatazkak, bitartekari/arbitroen aukeraketa prozesua eta fundazioaren funtzionamendua. Bestalde, lan harremanen kontseilua dugu, zeina Euskal Autonomia mailako zerbitzu bat den. Honako honek, 4/2012 Legearen arabera jarduten du, iza ere, SIMA-n gertatzen den bezala, Lege honek Lan harremanen kontseiluaren inguruko alderdi guztiak arautzen ditu.
Espainiar ordenamenduan, bitartekaritza prozesua arautzen duten arau ezberdinak daude:
a) 36/2011 Legea: Legearen V Tituluko I Kapituluan aurretiazko bitartekaritza edo adiskidetzea, eta laudo arbitralak arautzen dira, hain zuzen ere administrazio zerbitzuaren aurretiazko bitartekaritza edo adiskidetzea, bi prozesuen eskaerak eta laudo arbitralak dakartzaten efektuak, bitartekaritza edo adiskidetze prozesura ez agertzeak dakartzan ondorioak, eta bitartekaritza edo adiskidetze akordioen aurkatze eta betearazpena.
b) 2/2015 Errege Lege Dekretua: Errege Lege Dekretu honek, bitartekaritza prozesua zuzenean aplikatzeko aukera aurreikusten du, bereziki mugikortasun geografikoan, lan baldintzen funtsezko aldaketan, lan kontratuaren etetean edo arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntzazko edo produkzio arrazoiengatik lanaldia murriztean, kaleratze kolektiboan eta hitzarmen kolektibo baten aplikazio eta interpretazioan. Horrekin batera, hitzarmen kolektiboan ezarritako betekizunak betetzen ez diren kasuetarako bitartekaritza aplikatzeko aukera aurreikusten da.
Heterokonposizioari dagokionean, hirugarren inpartzial bat (pertsona indibidual bat edo kide anitzeko organo bat) izango da gatazkari konponbidea emango diona, alderdiek beraien kabuz akordio batera iristea ezinezkoa izatearen ondorioz. Bi dira, sistema honen baitan aurkitu daitezkeen prozedurak: arbitrajea eta prozesu judiziala.
a) Arbitrajea
Gatazkak konpontzeko sistema bat da, non alderdiek, ados jarrita, hirugarren inpartzial bat (arbitroa) izendatzea erabakitzen dute, horien arteko gatazka konpon dezan. Horrela, arbitraje prozedurara atxikitu baino lehen, alderdiek arbitroak emango duen laudoa aldez aurretik onartuko dutelaren konpromezua hartzen dute, ondoren laudoa ematean hura bai edo bai onartu behar izango dutelarik. Dena den, gure ordenamenduan arbitrajea nahitaez ezartzeko aukera ere aurreikusten da, bereziki aipagarria izanik 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.artikulua (grebari bukaera emateko nahitaezko arbitrajea arautzen da bertan). Borondatezko arbitrajea, gehienbat, langileen estatutuan eta 36/2011 Legean dago aurreikusia.
b) Prozesu Judiziala
Prozesu judizialean, Estatua izango da lan arloan sortutako gatazkak konpontzeaz arduratuko dena, Botere Judiziala osatzen duten epaile eta magistratuen eskutik. Prozesu mota honetara jotzeko, Jurisdikziora jotzeko, ez da beharrezkoa alderdiek gatazka konpontzeko sistema hori aldez aurretik adostea; izan ere jurisdikzioa, konstituzioak jurisdikzio-organoei esleitutako jurisdikzio-ahalean oinarritzen da (EK 117.artikulua). Prozedura mota honek eta arbitrajeak komunean duten ezaugarria bi prozesuei bukaera ematen dien ebazpenek gauza epaituaren efektua dutela da.
Nolako bilakaera izan du lan gatazkak konpontzeko prozedura autonomoen erregimenak?
Gure ordenamenduan lan gatazkak konpontzeko prozedura autonomoek geroz eta garrantzia gehiago bereganatu dute, egun zuzenbidearen elementu garrantzitsuenetarakoak bilakatu direlarik. Hau horrela, prozedura hauek arautzen dituzten ondorengo arauak aurkitu daitezke gure ordenamenduan:
a) 1812ko Konstituzioa: Konstituzio hau izan zen prozedura hauek arautu zituen lehen araudia, II Tituluko V kapituluan adiskidetzearen eta arbitrajearen ikuspuntu orokor bat jasoz.
b) Industria auzitegien 1908ko maiatzaren 19ko Legea: Lan auzitegien sorrera aurreikusi zuen, lan legeak aplikatzeko eta lan gatazka indibidualak konpontzeko.
c) 1935eko uztailaren 16ko Legea: Lege honek industria auzitegiei esleitutako auziak epaimahai mixtoaren esku utzi zituen.
d) Adiskidetze eta arbitraje industrialeko Kontseiluen 1908ko maiatzaren 9ko legea: Lege honetara arte ez zen gatazka kolektiboen adiskidetze eta arbitraje prozedurarik ezarri. Behin Lege hau ezarrita, adiskidetze eta arbitraje industrialeko kontseiluak sortu ziren, eta hauek adiskidetze eta arbitraje prozedurak garatzen zituzten organo paritario edo mistoak ziren.
e) Primo de Riveraren diktaduran batzorde paritarioak eta batzorde mistoak eratu ziren, 1926ko azaroaren 26ko Errege Lege Dekretuak ezarritako erakunde korporatibo nazionalaren esparruan. Batzorde paritarioak bitartekaritza eta arbitraje funtzioak betetzen zituzten lan arloan sortutako gatazken aurrean. Batzorde mixtoen zeregina aldiz, orain aipatutako batzordeak hartutako erabakien eraginkortasuna lortzea zen.
f) Bigarren errepublikaren garaian, epaimahai mixtoek sortu ziren eta batzorde mixtoak eta paritarioak ordezkatu zituzten, 1931 urteko azaroaren 27ko Legearen aldarrikapenaren bidez.
g) Franco-ren diktaduraren ezaugarri nagusiena kontrol publikoa izan zen, lan gatazkan nabarmenki proiektatu zena. 1938ko maiatzaren 13ko Dekretuaren bidez lan-magistratura sortu zen, epai mahai mixtoa alde batera utziz.
h) 1940ko abenduaren 6an Erakunde Sindikalen oinarrien Legea ematen da. Lege honen 16.artikuluan bide judizialen aurretiazko adiskidetzea aurreikusi zen.
i) Lan harreman kolektiboetako formalizazio, adiskidetze eta arbitraje prozedurei buruzko 1962ko irailaren 20ko 2354/1962 Dekretuak, gatazkak judizioz kanpo konpontzeko sistemak bultzatu zituen, sistema horiek erabiltzeko aukera ezarriz. Horrekin batera, adiskidetze edo bitartekaritza sindikalerako aurretiazko saiakera aurreikusten zuen.
j) Urtarrilaren 17ko 149/1963 Dekretuak, 1958.urteko lan prozedurari buruzko legea moldatu zuen, eta aldaketa horien artean, gatazka kolektiboen prozedura berezia nabarmentzen da.
k) 1970eko maiatzaren 22ko Dekretuak, laneko gatazka kolektiboak arautzeari buruzkoak, bere aurrekarien eredu bera jarraitu zuen gobernuak kontrolatutako sindikatu erakundearen esku hartze administratiboak indartuz. Horrekin batera, lan ikuskaritzak ofiziozko gatazka kolektiboen prozedura hasteko gaitasuna zuela aitortu zuen.
l) Gatazka kolektiboak arautzeari buruzko 1975eko maiatzaren 22ko Lege Dekretuak, erakunde sindikalaren aurrean garaturiko aurretiazko adiskidetze sindikala gatazka kolektiboaren administrazio-prozedurarekin lotu zuen,
m) Lan harremanei eta gatazkak konpontzeko prozedurei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretua. Errege Lege Dekretu honetan arautzen diren gaien artean garrantzitsuenak prozedura autonomoak dira, bai grebaren esparruan bai gatazka kolektiboaren prozeduran.
n) Urtarrilaren 26ko 5/1979 Errege Lege Dekretua argitaratu zen, bitartekaritza, arbitraje eta adiskidetze institutua sortzen duena. Errege Lege Dekretu honen bitartez, IMAC sortu zen (azaroaren 23ko 2756/1979 Errege Dekretuak arautua), zeinaren funtzioak, edozein motatako lan gatazkak judizioz kanpo konpontzea, eta askatasun, erregu, neutraltasun eta esker oneko printzipioen arabera jardutea ziren. Organo hori, enpresaburu eta langileen helburuei erantzun bat emateko asmoarekin sortu zen, horien gatazkak modu autonomoan konpontzeko sistemak erraztuz.
o) LPL/90 legea: Lege honek aurretiazko adiskidetzea arautzen zen, eta Langileen Estatutuko 83.artikuluan adierazitako hitzarmenen bidez eratutako organoen aurrean garatzeko aukera ezartzen zuen. Horrez gain, aurretiazko adiskidetze judiziala ere arautu zuen lege honek.
p) Maiatzaren 19ko 11/1994 Legea: negoziaketa indartu zuen eta gatazkak modu autonomoan konpontzeko prozedurei malgutasun handiagoa eman zizkien.
q) 2010eko irailaren 17ko 35/2010 Legea, lan merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzkoa. Lege honek, lan gatazkak konpontzeko prozedura autonomoak bultzatu zituen, horiek hainbat arlotan eta gaitan erabiltzeko aukera aurreikusi bait zuen.
r) 2011 urteko ekainaren 10eko 7/2011 Errege Lege Dekretua aipatu behar da, negoziazio kolektiboa hobetzeko premiazko neurri buruzkoa. Hitzarmen kolektiboen negoziaketan sortutako gatazkak ahalik eta bizkorren konpontzeko, sistema autonomo horien erabilera edo garapena sustatu zuen. Gainera, hitzarmen kolektibo ororen gutxieneko eduki gisa jaso zituen Errege Lege Dekretu honek.
s) 2011ko urriaren 10eko 36/2011 Legeak (LRJS) judizioz kanpoko adiskidetzea, bitartekaritza eta arbitrajea sustatzen ditu. Alderdiak akordio batera iristeko aukera zabala jasotzen du, bai eta auzibidean zehar prozedura hauek planteatzeko eta horrela, epaiketari bukaera emateko aukera ere.
t) 3/2012 Legea: Aipamen berezia egin behar zaion arbitraje prozedurari, izan ere nahitaezko arbitraje berezia barneratzen du lege honek, eta prozedura hau autonomia erkidegoetako hitzarmen kolektiboen eta organo baliokideen estatuko aholku-batzordearen aurrean garatuko da.
Comentarios
Publicar un comentario