Delitu figura hau berria da gure ordenamendu juridiko penalean, hain zuzen, 2015ean sartu zen Espainiar Zigor Kodean 2015eko martxoaren 30eko 1/2015 Lege Organikoaren bitartez. Askatasunaren aurkako delituen artean kokatzen da honakoa, Zigor Kodeko VI. Tituluko III. Kapituluan, derrigortzeen kapituluan, alegia, zehazki 172. ter artikuluan arautzen da.
Tipifikazio honen helburua inongo tipo penaletan barnebildu ezin zitezkeen eta ohikoak ziren hainbat portaeren gaitzespen penal ezari erantzuna ematea izan zen. Halaber, legegile espainiarrak esangura penala izan beharko luketen portaera hauen utsuneari erantzuna eman zion jarraian aztertuko ditugun portaeren tipifikazioarekin, biktimen askatasuna eta segurtasun sentimendua modu larrian kaltetzen bazuten ere, ez baitzituen askatasuanen aurkako beste delituen galdapenak betetzen, besteak beste, indarkeria fisikoaren elementuaren faltagatik.
Ze portaera zigortzen ditu delitu honek?
Pertsona bat jazartzea modu errepikatu eta hertsagarrian, zeinaren ondorioz aztoramen larri bat eragiten dion bere eguneroko bizitzaren garapenean, hau da, molestia soil batzuk baino haratago joan behar da, zeinetan biktima behartua aurkitzen den bere eguneroko ohiturak aldatzera.
Babesturiko ondasun juridikoa eta delituaren izaera
Portera hauek askatasunaren esfera jakin bati eragiten diote, jurisprudentziaren aburuz, babesturiko ondasun juridikoa askatasun indibiduala eta lasai bizitzeko eskubidea da.
Emaitzazko delitu bat da, portaerak zuzenean garrantzizko mugapen bat eragin behar du subjektu pasiboaren erabakitzeko askatasunean edo jarduteko askatasunean. Jurisprudentziaren aburuz (uztailearen 22ko 554/2017 AGS), kasuko inguruabar jakinak eta subjektuaren profilak aztertu beharrekoak dira, baita subjektu aktiboaren portaeraren insistentzia eta errepikapena ere, eta honek biktimaren bizitza eta askatasuna modu larrian aztoratzeko duen egokitasuna.
Ze baldintza bete behar dira?
Portaera tipikoa numerus clausus edo zerrenda itxi bateko jokabideek osatzen dute. Hiru hilabetetik bi urte arteko espetxe zigorra edo sei hilabetetik hogeita lau hilabete arteko isuna ezarriko zaio pertsona bat behin eta berriro jazartzen duenari, legez baimenduta egon gabe, honako jokaera hauetako bat izaten badu, eta jokaera horrek haren eguneroko bizitza era larrian nahasten badu:
1.a Pertsona bat zelatatzea, hari segika ibiltzea edo harengana fisikoki hurbiltzeko aukerak bilatzea. Ezinbestekoa da errepikapena ematea.
2.a Edozein komunikazio-bideren bidez edo hirugarren batzuen bidez, pertsona harekin harremanetan jartzea edo jartzen saiatzea.
3.a Pertsona horren datu pertsonalak bidegabe erabiliz, produktu edo salgaiak eskuratzea, zerbitzuak kontratatzea, edo hirugarren pertsona batzuk harekin harremanetan jarraraztea.
4.a Pertsona horren askatasunaren edo ondarearen aurka atentatzea, edota haren pertsona hurbil baten askatasunaren edo ondarearen aurka.
172. ter artikuluaren azterketa: tipo ezberdinak
Oinarrizko tipoa 127.ter.1. artikuluan biltzen da, zeinarengatik hiru hilabetetik bi urte arteko espetxe zigorra aurreikusten den.
Tipo kualifikatuak: zigor larriagoak ezarriko dira, batetik, biktima bereziki zaurgarria bada bere adinagatik edo gaixotasunagatik, kasu heutarako hiru hilabetetatik bi urte arterako zigorra aurreikusten da. Bestetik, ofenditua 173. artikuluko 2. zenbakian zehaztutako pertsonaren bat bada, urtebetetik bi urte arteko espetxe zigorra ezarriko da, edo gizartearentzat lan egiteko zigorra hirurogei egunetik ehun eta hogei egun arte. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izango artikulu honetako 4. zenbakian aipatzen den salaketa.
Comentarios
Publicar un comentario